Pasa den irailaren 10ean Doneztebeko I Xake Azkarreko Txapelketa antolatu zen Gazte Burrunbaren eskutik. Bertara, 24 lagun hurbildu ziren xakearen inguruan disfrutatzeko asmoz. Gehienak doneztebarrak izan arren, inguruko herrietako jendea zein Iruñerriko hainbat jokalari ere gurekin izan genituen. Txapelketa antolatzen zen lehenengo aldia baldin bazen ere, jokalariek ederki disfrutatu zuten.
Emozioz beteriko txapelketa bizitzeko aukera izan zuten bertara hurbildu ziren zale guztiek. Izan ere, lehendabiziko hiru sailkatuek 5 punturekin akitu zuten eta tie-breakera jo behar izan genuen podiumeko posizioak definitzeko Horrela, Beñat Salvaderri berastegiarra izan zen txapelduna, Antso Vidondo berriozartarra bigarrena eta Asier Cuesta irundarra hirugarrena.
Parte-hartzaileen artean txapelketetan esperientzia zuen jendea zegoen. Besteak beste, Asier Cuestak 1667 eloko puntuazioarekin faborito bezala hasi zuen txapelketa. Hala ere, Beñat Salvaderrik sorpresa eman zuen eta posizioari eutsiz Asier mendean hartzea lortu zuen, azkeneko honi denbora akitu baizitzaion emozioz beteriko partida batean. Bikaina Beñatek lortutako emaitza bere lehenengo txapelketa zela kontuan hartuta.
Bigarrena, Antso Vidondo berriozartarra dugu. Honek, azkeneko jardunaldian, Jorge Ostiz garaitzea lortu zuen. Jake mate egin zion bere erlojuan segundu gutxi zituela, nahiz eta posizio oso berdindua izan.
Hirugarren, Asier Cuesta Irungo xake maisua dugu. Bere ikaslea den Julen Goyarekin etorri zen goizaz disfrutatzera eta bere kalitatearen adierazle diren detaile ugari ikusi genituen. Azpimarragarria Julen Goyaren maila, nahiz eta bakarrik 5 urte izan, abilezia polita erakutsi zuen tablero gainean.
Orokorrean, giro ederra suertatu zen Doneztebeko Casino elkartean xakea zabaltzeko proposamen honekin. Jendearen erantzuna ikusita, hurrengo urtean txapelketari segida emateko indarra eman du. Bestetik, eskerrak eman Casino elkarteari tokia uzteagatik, Gazte Burrunbari antolakuntzan eman duen laguntzarengatik eta Mikel Gurea klubari utzitako material guztiarengatik.
Idazlea: Iñigo Ostiz
Argazkiak: Enrique Vidondo
Gehiago irakurri nahi baduzu, elkarrizketa bat Iñigo Ostizekin begira dezakezu hemen.